“Prescribe juego” prebentziozko lan komunitarioaren arloko ekimen bat da.

“Prescribe juego” prebentziozko lan komunitarioaren arloko ekimen bat da, orain aurrera eramaten ari dena Ezkerraldea Eskualdeko Haur eta Nerabeen Osasun Mentaleko Zentroan.

“Prescribe juego” ekimenaren helburu nagusia haur eta nerabeen osasun mentala sustatzea da, jarduera ludikoa bultzatuz hainbat gizarte esparrutatik (udalak, ikastetxeak, gizarte-agenteak...).

Eguneroko bizimoduan eta kontsultan ikusita geneukan zelan baztertu den haurren bizitzatik askatasunez jolastea; eta kezka horrekin ekin genion lan honi.

Psikologiaren ikuspuntutik, jolastea ezinbestekoa da haurren garapenean, eta berebiziko garrantzia du euren nortasuna eratzeko; halarik ere, jolastea baztertu eta ordezkatu dute, hein handitan, eskolaz kanpoko jarduerak egiteak, telebista neurriz gain ikusteak, eta teknologia berriak erabiltzeak.

Jokoaren Behatokiak “jokoa eta familia 2012” ikerketan ondorioztatu zuenez, haurren heren bat bakarrik jolasten da, eta ez da nahikoa jolasten ematen duen denbora: ordubete eskola-egunetan.

Horrek eragina du haurren eta nerabeen osasun mentalean, eta baliteke areagotzea psikopatologiak edukitzeko arriskua.

Aldaketa soziologikoak gertatu dira, teknologia berriak txertatu dira eguneroko bizimoduan eta familiaren baitan, familia-ereduak eta harremanak zailagoak eta ugariagoak dira, kultura-aniztasun handiago dago auzoetan eta ikastetxeetan. Horregatik guztiagatik, aldatu behar izan dugu lan egiteko modua, eta jauzi egin sare-laneko eredura, hau bezalako prebentziozko proiektu komunitarioak garatuz.

Osakidetzako azken Plan Estrategikoan ere ikuspegia aldatu nahi da, osasun-egitura babestu beharrean, osasuna bera zaintzeko, eta osasuna berreskuratzeaz gain, osasuna bera balioesteko. Oraingo ikuspuntua zabalagoa da, eta aintzat hartzen ditu herritarren osasunean eragina duten gizarte faktoreak.

Ikuspuntu berriarekin bat etorrita, osasun sistemak koordinazioan eta zeharka egin behar du lan gainerako administrazio eta gizarte agenteekin.

Maite Garaigordobil Ebaluazio Psikologikoko Katedraduna da Euskal Herriko Unibertsitatean. Berak dioenez, jolastea da umeen jarduerarik behinena, eta euren garapenaren alderdi askoren berezko motorra:

Esparru biologikoari dagokionez, burmuina hazteko agente bat da, eta indartzen du nerbio-sistemaren bilakaera.

Esparru intelektualari dagokionez, aukera paregabea ematen du ikasteko, eta teknikak eskaintzen ditu arazoei aurre egiteko. Gainera, sormena suspertzen du.

Esparru afektiboari dagokionez, jolasteak gozamena eta bizipoza ematen ditu, bizitzako zailtasunetatik babesten du, eta errazten du emozioak azaltzea, eta norbere burua kontrolatzea; autoestimuaren iturri izateaz gain, psikologikoki heltzen laguntzen du.

Gizarte esparruari dagokionez, pertsonak elkartzen ditu, eta sustatzen ditu rol sozialak bereganatzea, eta enpatia eta begirunea ikastea.

– Maite Garaigordobil Landazabal
Web de Maite Garaigordobil
Logo Fundacion Crecer Jugando
Bakeola
Trukeme